MUSEOA

    Museoa Legorburu jauretxean dago kokatua. Kareaga etxea izenez ere ezagutzen den eraikin bikain hau XVIII. mendekoa da eta Zubiaurko plaza nagusian dago, Orozko bailaran. A-68 autobidetik gertu kokatzen da, Bilbotik 21 kilometrotara.
    Museoari dagokionez, "Orozkoko Museoa" hiru solairuko eraikina da eta bakoitza gai bat islatzeko erabiltzen da: Orozko Bailarako Ondare Historikoa; Bizimodu Tradizionala Bailaran; eta Gorbeiako Lurralde Garaietako Biztanleak. Horrela, modu horretan, Orozko bailararen iragana modu argi, atsegin eta erakargarrian berreraikitzeko aukera izango dugu.
    Era guztietako bisitariei dago zuzendua. Museoak jasotzen dituen gaiekiko interes apur bat edukitzea besterik ez da behar. Museoa egokitua dago elbarritasunak dituzten pertsonentzat ere.

 MUSEOKO FILOSOFIA
     

    Museo honek bailarako bizimoduaren elementu, agiri eta lekukoak erakusten ditu ikuspegi ezberdinetatik. Horien bitartez, egungo errealitatea sortu duten arrazoi eta ondorioak ezagutu ditzakegu. Museoak proposamen interaktiboak, partehartzea bultzatzen dutenak egiten ditu, eta bisitariari bisita ludiko eta hezigarriak eskaintzen dizkio, ikus-entzunezko eta informaziozko bitartekoen bidez. Halaber, igorri nahi den mezua ez da bere edukira mugatu nahi; aitzitik, bisitaldiak jarraipena izan dezan nahi da, eta erakusketa honekin zerikusia duten lekuak bisitatzea proposatzen da. Eskaintzen artean, besteak beste, eta bereziki, Gorbeiako Parke Naturalarekin lotura dutenak sartzen dira.
     Beraz, bere helburu nagusia egungo eta etorkizuneko belaunaldiei beren arbasoen ohitura eta berezitasunen berri ematea da, ezagutza horren bidez hori guztia baloratzen eta zaintzen ikas dezaten, eta gainera, Orozko bailarako nahiz Gorbeiako Parke Naturaleko ingurunea zain dezaten.